XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bakarka nahiz binaka saiatu ginen.

Eliza berrituan kristau komunitate txiki izan zitezkeen talde askori, aste osoz, oinarrizko ikasbide, elkartze ariketak eta otoitzaldiak eratzen genizkien, lehenik aurreko orrialdetan esanda dagoenez.

Horren ondoren Euskal Herriko Gotzainek Garizuma-Bazko aldirako urtero emango zituzten idazki nagusiak batikbat herriz herri azaltzen ibiliko ginen.

Aldi berean lagun askoren artean, 70 hamarkadan, beste ekintza berri eder bat sortuko zen.

Prestaera luzeen ondorengo fruitua: GOGOETA ASTEAK zuen izen.

1974ean egin zen lehenengoa.

Apaiz, erlijioso, lekaime eta zenbait sekular urtero aste osorako biltzen hasiko ginen, lekuz hego Euskal Herriko lau probintzietan eta Baiona aldean txandakatuz.

Hirurogei eta hamarretik gora lagun elkartuko ginen.

Gaur eguneko giro berrian fedeari eta gure euskaldun izateari buruzko hitzaldi, otoitzaldi eta azterketa asko eta mardulak serioski egitea nahi zen.

Eta den-dena euskera hutsean.

Nortzuk izan diren lan eder horren bultzagile esatea luze izango litzateke.

Askotxo izaki eta aitatzen hastekotan ez genuke inorekin hutsegin nahi.

Gainera, GOGOETA ASTEAK bere kondairatxoa izango dute.

Hori geroak egingo.

Hauxe bakarrik behintzat geldi bedi esanda: lehenengo GOGOETA ASTEA Arantzazun egin zela eta azkenaldikoa Baionak hartuko zuela.

Eta, dirudienez, katea ez dela berehala etengo.

Orain goazen beste txoko batera.

Eta halako batean, 1977an, lau anaia frantziskotar, Oarso aldeko muino batetan bizitzen hasi ginen.